IRAKASLEOK DITUGUN ERRONKA BERRIAK
Bideo eta hausnarketa desberdinak irakurri ondoren hemen doa ere nire hausnarketa.
Hasteko, Monika Gonzalezek bere hausnarketan aipatzen dituen bi ideia hartu ditut, ni ere hauekin identifikatua sentitu bait naiz: bata irakasleok konpetentzia digitalean formatu egin beharra daukagula eta bestea irakasleok aurkitzen ditugun zailtasunak.
Guztiz ados nago lehenengo ideia honekin eta horren adibide ni ikastaro honetan egotearena. Ezin bestekoa da, guk irakasleok, gure saioetan teknologia berriak nola txertatu jakitea; hauek, ikasleen motibazio eta lan egiteko jarreran, aukera apartak eskaintzen baitizkigute. Ez hori bakarrik, ikasleak berak, beraien kabuz ere, teknologia hauek erabiltzen dituzte eta guk ezagutu behar ditugu, egon daitezken arriskuetaz hitz egiteko eta ikuspegi kritikoa eta erabilera- jarrera ikasleekin lantzeko.
Bigarren ideia irakasleon zailtasunak dira: ordenagailu zaharkituak, ordenagailu gutxi, ordenagailu ez eguneratuak, debekuak, irakasleen formazio falta, programa berriak erabiltzen ikasteko eta hauek gure saioetan txertatzeko denbora falta... Ni ere nire ikastetxean zailtasun guzti hauekin aurkitzen naiz eta ez da batere lagungarria IKTren bidetik jarraitzeko, beti eskura baitugu ordurarte menderatu duguna: papera, liburua eta arkatza edo klariona. Hala ere, gizartea aldatzen doa eta guk ere egokitu beharra daukagu berarekin batera. Motibazioa ez galtzea oso garrantzitsua da.
Lehen blokean aipatzen zen moduan, agian orain arte horretan pentsatzen jarri gabe nengoen, egiten duguna eta dakiguna mundura zabaldu behar dugula da. Orain arte, nik ikastaro bat egiten banuen, agian, ondoan nuenarekin konpartitzen nuen baina horretan geratzen zen . Teknologia berriak izugarri eta oso azkar ari dira aldatzen eta ez daukagu denborarik, aldi oro, gauza berriak bilatu, aztertu, ikasi, gure saioetan txertatu, hauek eman ditzaketen emaitzak aldez aurretik baloratu... guztia egiteko. Baina hau ez litzateke horrela izango irakasle desberdinak ikasten eta praktikan jartzen goazen gauzak gure kideei momentu batean irakatsiko bagenizkieke. "Nik hau egiten det eta horrela ateratzen da, a ba nik beste hau egiten dut eta horrelakoak dira emaitzak". Askoz errazagoa da besteek ezagutzen dutena eta ondo funtzionatzen duena martxan jartzea bakoitza bere kabuz, modu estanko batean aritzea baino. Konpartituz bikoitza jakin dezakegu. Ikaskuntza kooperatiboa. Konpartitzen ikasi beharra daukagu eta horretarako ere guneak sortu behar ditugu.
Nire hausnarketarekin bukatzeko, azken ideia bat. Gai honetan pixka bat sartzen ari garenak, oraindik sartu ez direnei lagundu eta motibatu behar diegu. Honetan ere, batzuk errazago ikasten dugu edo esfortzua egiteak ez digu hainbeste beldur ematen edo... arrazoi ezberdinak egon daitezke batzuk erronka berriei aurre egiteko eta beste batzuk ez. Nire ustez, erronka berrietan sartzea kostatzen zaienei, Maite Goñik mahai inguruko bideoan esaten duen bezala, xirikatu behar diegu eta gogoa sartu, guk ezagutzen ditugun programei buruz informazioa emanez. Hasieran zaila egiten dena ere erraza izan daitekeela ikus arazi. Azken finean, irakasleon artean ere, lana errazago egin ahal izateko garrantzitsua da denok ildo beretik joatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina