2017(e)ko otsailaren 20(a), astelehena

Nire NIAren hobekuntza proposamena


Oraingo honetan egin berri dugun NIA nola hobetu hausnartzea da. Nire forokideen hobekuntzak ikusi ditut baina nirean zentratu beharra daukat, norberak interes eta ezagutza ezberdinak baitauzka.

Gauza asko egiteke ditudala ikusten dut baina hona hemen lehentasunaren arabera zerekin hastea pentsatu dudan:

1. Horrelako ikastaroetan, askotan, gauza berrien erabileran "pistak" ematen zaizkigu. Aplikazio berrien erabileran animatzen gaituzte/gaituzue baina erabiltzen ikasi, egunero erabiltzen hasten garenean egiten dela pentsatzen dut. Nire kasuan behintzat, duela ia bi urte egin nuen ikastaro baterako Twitter kontua ireki nuen baina, orduz geroztik, berriro erabili gabe nuen eta horrela ez da ikasten! (Horrela nabil ezin asmatu). Beraz, nire lehenengo urratsa ikastaro honetan proposatutako bloga, twitter eta horrelakoei buruzko tutorialak ondo irakurri edo ikusi eta erabilera on eta seguru bat emateko erabiltzen ikastea/hastea da.

2. Ikasleekin erabili daitezkeen programa berriez informatu, ezagutu, jakin, aztertu eta baten bat, gelan txertatzea ondo legoke. Ordenagailuekin egiten den edozer irrikaz bizi izaten dute eta uste dut, guztiok ondo pasa dezakegula horrela ikasten ikasiz.

3. Lehenengo bietan "ikasi" aditza erabili dut. Bai, hortxe ikusten dut nire hutsunea. Beraz, Interneten saltseatzeaz gain, hau bezalako ikastaro gehiagotan parte hartu beharko nuke eta jende adituari jarraitu.

4. Noski urrats batean jarri beharra neukan, ikasitakoa zabaltzen hasi beharrean nagoela. Lehenengo nire ingurukoei, alegia, nire lankideei, nire ikasleei...  baina hau nola egin ere pentsatu egin beharko nuke. Ados nago Josik egin duen aipamenarekin, euskaldunei asko kostatzen zaigula egiten duguna partekatzea, ni orain arte talde horretan egon naiz dudarik gabe. Baina saiatu beharra daukagu jendeari ahalik eta errezen jartzen edozein mailako ezagutza, guri ere horrela jartzen digutenean eskertzen baitugu.

5. Azken puntu honetan, azken egun hauetan buruan darabilkidan kezka bat aipatzea pentsatu dut.  Izan ere, dagoeneko bueltaka nebilkien kezka bat eta atzo "Salvados" programa ikustean teknologia berrietara adikzioaz hitz egiten baitzen, sare sozialetan uneoro konektatua egon beharra, mobila etxean ahazten bazaigu angustiatzen gaituena... Nik egunean egon nahi dut baina ez dut adikta izan nahi, ez dut jendearekin pertsonalki komunikatzeaz utzi nahi sarean konektatua egon beharra daukadalako, ez dut nire familia, lagunak eta nire denbora librea teknologia berriekin hipotekatu nahi. Gure ingurunean gauza interesgarri eta garrantzitsu gehiegi dago horretara iristeko. Baina, aurretik esan dudan guztia egin nahi badut nire kabuz, nire denbora librean, nire lagun eta familiakoekin konpartitzen dudan denboran horretan egin beharra daukadala ikusten dut bestela noiz egin behar dut? Jendeak noiz egiten du? Garbi daukat zer nahi dudan eta zer ez baina, nola egin batak bestea jan gabe? Norbaitek ezagutzen al du honetan lagundu diezadaken zerbait? Zuen jakintza nirekin konpartitzea behar dut denborak ito ez nazan.

2017(e)ko otsailaren 17(a), ostirala

Nere nia





Nire NIAren diagrama


Ikusi daiteken moduan nire NIA poliki poliki  teknologia berriek osatzen dute baina oraindik ere, betikoak izan diren tresnak oso gertutik bizi eta erabiltzen ditut.

Egin dudan diagramak atal ezberdinak ditu eta guztiak "ni" osatzen nau. Atal bakoitza azaldu aurretik esan, hainbat ikono atal guztietan jarriko nituela baina azkenean, denak ez jartzea pentsatu dut. Beraz, diagrama oraindik ere gehiago osatu daiteke.

Informazioa jasotzeko modua, nahiz eta momentu honetan tresna "izarra" google eta honek ematen dituen aukerak izan, oraindik ere "betiko" erak asko erabiltzen ditudala ikus daiteke. Alegia, egunkaria, telebista, irratia, gizartearekin, lagunekin edo familiakoekin dudan hartu emanak... Whatsapa ere oso presente izanagatik, agian informatzeko baino sozializatzeko gehiago erabiltzen dudala iruditzen zait. Hala ere, informatzeko eta mundura zabaltzeko ere asko erabiltzen dut (oraintxe jaso dut minbizia duten haurrei laguntzeko mezu bat egoki ikusten badut konpartitzen dut).

Komunikatu eta argitaratzeko gaur egun teknologia berriak ezin bestekoak ikusten ditut nire bizitzan. Oraindik ere, koadernoa erabiltzen baldin badut ere, dagoeneko hau gutxienekoa dela esan beharra daukat. Iada arkatza ez dut ia ezertarako hartzen. Hala ere, esan ahoz ahokoa ere hortxe jarri dudala, oraindik ere niretzako tresna garrantzitsua baita. Agian, arlo honetan "irekia" gehiago landu beharko nukeela ikusten dut. Ez daukat oraindik, nire ideiak, aplikazioen erabilera, iritziak... mundura zabaltzeko kulturarik. Bideoan aipatzen zen bezala, "lotsa" sentsazioa hor dago. Suposatzen dut hastea izango dela baina, oraindik ere erresistentzi pittin bat daukat.

Informatu eta metatu aztertzerakoan zera ikusten dut: irakurketa eta interakzioak oinarrizkoak direla. Irakurketaren bitartez jasotzen dudanari buruz pentsatzen badut, arlo honetan liburutegi, liburu, egunkari... edota ordenagailuko edozein programa, entziklopedia elektronikoak... ezin bestekoak ditut. Hala ere, ezin ahaz dezaket elkarrizketen bidez (familiakoekin, lagunekin, ikasleekin, irakasleekin, gurasoekin, kaleko jendearekin, bizilagunekin...) ditudan elkarrizketekin, izugarri ikasten dudala eta honek ere NIAn, zuzenean eragiten didala.

Antolaketari begira, dagoeneko erabiltzen ditudan tresna gehienak elektronikoak direla esan beharra daukat: agenda, ordenagailua, mugikorra, notak jasotzeko aplikazioa, drive... (denak mobilari esker). Hala ere, oraindik ere arlo honetan hutsuneak nabaritzen ditut. Nire buruari askotan esaten diot "gauzak hobeto antolatzeko ziur programa onak egongo direla" baina ez zait erraza egiten hauek aurkitzea.






2017(e)ko otsailaren 13(a), astelehena

Ikanos testa eta gogoeta

Hausnarketaren ondorioa

Ikanos galdekizuna oso interesgarria iruditu zait, ez bait nuen inoiz nire buruak duen konpetentzi digitala maila horretan neurtu. Nahiz eta hasierako galderen erantzuna nahiko garbi izan dudan, beste hainbat galderetan kosta egin zait puntuazioa zehaztea. Beste batzuetan berriz ideiarik ere ez nuela ikusi dut, hutsuneak non ditudan argi eta garbi geratuz. Gai honi buruz asko ikasi beharrean nagoela somatu dut.

Testa egiterakoan oso osatua zegoela iruditu zait. Maila ezberdinetako galderak egiten zituela eta ez dut galdera gehiagoren beharrik somatu.

Emaitza ikustean harritu egin nau. Ez nuen uste erdimailan kokatuko nintzenik, hainbat arlotan egindako galderak erantzuterakoan adibidez, segurtasun arloan, jendearekin elkarbanatzeko erabiltzen ditudan aplikazioen erabileran, edota programazio gaietan, hutsune handiak somatu baititut. Egia da ere, hasierako galderak erantzuterakoan nire buruarekin harrituta geratu naizela, hauen erabilera, oharkabe, egunerokoa baita.

Azken urteetan behin eta berriz errepikatzen ari nintzen ideia egiaztatu dut. Alegia, teknologia berriak oso azkar doazela eta behar beharrezkoa dela egunean egotea hauetan. Ez irakasle moduan soilik, baita guraso edota gizarteko parte hartzaile soil baten moduan. Gaur egun, gure haurrek gu baino askoz azkarrago eta errazago jasotzen dituzte baliabide berrien erabilera ezagutzak, eta guk ez baditugu minimoki menderatzen ezin diegu hauetan aholkurik eman. Bestetik, gaur egun, orduan eta gehiago dira gure egunerokotasunean, teknologia berriak erabiltzera behartzen gaituzten egoerak (banketxeak, administrazioa, salerosketak, ordainketak...). Beraz, gailu berrietan egunean egotea ezin bestekoa da, egungo gizartean partaide eta eragile izaten jarraitu nahi badugu. Eta garrantzitsua da perezak alde batera utzi eta buru belarri honetan jartzea, behin ezjakintasunaren munduan sartzen bazara, orduan eta zailagoa baita hariari jarraitzea. Eta alderantziz ere, zenbat eta naturaltasun gehiagorekin erabili baliabide digitalak, orduan eta errazago jartzen zara aplikazio eta egitura berriak erabiltzen.

2017(e)ko otsailaren 12(a), igandea

Markoei buruzko konpetentzia


PLANTEAMENDU IREKIA ETA GAITASUN DIGITALA

Lehenengo bideoa ikusi ondoren eta egiten zaigun galderari erantzunez hauek dira burura etortzen zaizkidan aipamenak: Internet irekia garrantzitsua dela ikusten dut era honetan, informazioa mundura zabaldua dagoelako. Jendearekin zuk nahi duzuna konpartitzeaz gain; informazio hau erabili, eraldatu edo moldatu dezakezu. Eta ideiak, kontzeptuak, jakintzak zabaldu ditzakezu baina ez ondokoarekin baizik eta mundura. Carlosek egiten duen aipamenetik abiatuz, interesgarria iruditu zait ondorengo aipamen: alegia, irakasleen prestakuntza teknologia berrietan ez dela aplikazioak erabiltzen jakin eta listo (lotsa ematen didan arren nere burua oraindik fase honetan ikusten dut) baizik eta hauek, irakaskuntzan lortu nahi dugunaren beharretara egokitzea. Nahiz eta aplikazio bat helburu jakin batekin sortua izan, gure behar eta interesen arabera, zeregin desberdin baterako erabili daitekeela. Ideiak xinplea dirudien arren bere mamia du. Honek guztiak, irakaslearen jarrera irekia izatea eskatzen du eta tresna irekiak erabiltzea konpententziak garatzeko.

2. bideoa ikusi ondoren, eta Maite Goñik aipatzen duen bezalakonpetentzi digitalaren markoa aspaldidanik jarri zen habian.  Hona hemen aipatzen dituen marko ezberdinak:

⦁ 2001 Quebec: HH, LH eta DBHko irakasleen gaitasuna IKTetan
⦁ 2002 Australia: A Proposal for the Development of an ICT Competency
⦁ 2003 Dinamarka: Pedagogical Computer DriverLicense (PDL)
⦁ 2006 Chile: 16 IKT gaitasun irakasleentzat
⦁ 2007 Erresuma Batua: Irakasleentzat gaitasun digitalari buruzko gaitasunak txertatu
⦁ 2011 Frantzia: Certificado Informatique te Internet, Enseignant (C2i2e), irakasleentzat akreditazioa
⦁ 2014 Espainia: Marco Común de Competencia Digital Docente
⦁ 2015 Extremadura: Portafolio de Competencia Digital Docente de Extremadura
⦁ 2016 Kataluinia: Proyecto Interdepartamental de CDD de Cataluña
⦁ 2000 International Society for Technology in Education (ISTE)
⦁ 2008 UNESCO: ICT Competency Framework for Teachers (2011n berritua)

Europak proposatzen dituen 5 ezaugarriak berriz honakoak dira:
1. Informazioa
2. Komunikazioa
3. Edukien eraketa
4. Segurtasuna
5. Arazoen ebazpena